Gipuzkoa izaera komunitario indartsuko lurraldea dela esan ohi da. Ezin da ulertu gure lurraldea, ekonomian, hezkuntzan, euskalgintzan, gizarte babesean, kiroletan edota herrigintzan, esate baterako, garatu diren egitasmo komunitario eta eraldatzaileak kontuan izan gabe.
Baina indibidualismoaren eta globalizazioaren garaiotan Gipuzkoa ez da irla bat. Beraz, komunitatearekiko konpromiso eta lankidetza kultura ahultzen ari direnean, nola lortuko dugu merkatu globalean lehiakorrak izaten jarraitzea?, nola lortuko dugu geure nortasun kulturala eta aniztasuna kudeatzea? nola lortuko dugu ezberdinkeriei aurre egin eta behar dugun ongizate maila bat garatzea? eta, batez ere, nola lortuko dugu sistema demokratikoa mantentzea?
Gipuzkoa hitzaren lehen aipuaren milurtekoaren testuinguruan, komunitate gisa ditugun erronken inguruan hausnartu eta galdera hauei erantzuten ahaleginduko gara, “ Komunitate izaeraren eta balioen eragina Gipuzkoaren etorkizunean: Demokrazia, Aniztasuna, Babes sistema, Lehiakortasuna” jardunaldi zikloan.
Bigarren jardunaldi honetan, komunitate izaeraren eta enpresen lehiakortasunaren arteko bi norantzako eraginaz jardungo dugu.